NOLEGA

NOLEGA

Zer da NOLEGA?

Azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak, Euskararen Erabilpena Arauzkotzekoak, honela dio bere 17. atalean:

"Jaurlaritzak, ikasleei nahitaezko ikastaldiak bukatzerakoan bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko adina ezagutuko dituzteneko segurantza emateko xedezko neurriak hartu eta euskeragiroa bermatuko du, barne nahiz kanpo-ekintzapideetan eta arduralaritzako ihardun eta agirietan euskara agizko adierazpide eginez"

Ildo beretik, 1983ko Abuztuaren 1eko Aginduak, bere 12. atalean zera dio:

"Hezkuntza eta Kultura Sailak beharrezko neurriak hartuko ditu euskararen erabilera eskolagiroan bermatzeko, klase barruan nahiz klasez kanpoko ekintzetan ohiko adierazpide bihurtuz"

Lege-agindu hauek oinarritzat hartuz eta helburu horiek betetzeak Hezkuntza Administrazioan hizkuntz normalkuntzarako aurrerapausoak ematea eskatuko zuela jakinik sortu zen Hezkuntza Sailaren Euskara Zerbitzuan NOLEGA (Normalizazio Legearen Garapena) izeneko atala, 1984an.

NOLEGA atalaren egitekoak, beraz, bi arlo nagusitan gauzatu dira: Eskolagiroa euskalduntzea eta Hezkuntza Administrazioa euskalduntzea.

Eskola giroa

Eskolagiroa hitza aipatzen denean, oso zentzu zabalean aipatzen da. Ikastetxean euskara ikasteko klase emankizun formaletatik kanpora geratzen den baina ikasleak euskara bereganatu, landu, sakondu eta erabiltzeko eragin handia duen une, ekintza eta esparru oro sartzen da bere barnean. Izan ere, eremu urriko hizkuntzen kasuan, soziolinguistikako adituek gero eta garrantzi handiagoa aitortzen diete ikaskuntza akademiko hutsaz aparteko suspergarri eta lagungarriei. Ikasleek euskara erabiltzea dute xede inportanteena arlo honetan antolatzen diren ekimenek.

Hezkuntza Administrazioa

Hezkuntza Administrazioa euskalduntzeari dagokionean ere hainbat ahalegin egin da azken urteotan. Hezkuntza sailburuak 1985ean bertan eman zuen Administraziotik ikastetxeetarako dokumentazio isuriaren hizkuntz jarduera arautzen zuen agindua. Administrazioan bertan ere agindu hori gauzatu ahal izateko pauso sendoak eman ziren, hasieran Langiroko Trebakuntza izena izan zuen eta gerora ALET bilakatu zen planarekin, nagusiki egoitza nagusian. Gerora hizkuntz eskakizunen ezarpena egin da eta une honetan erabileraren erronkari aurre egiteko urratsak planteatzen ari dira.

NOLEGAREN eskaintza

NOLEGA atalak programa sorta zabala eskaintzen die Euskal Autonomi Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei. Horietako batzuk urtetako ibilia dute; beste batzuk berriagoak dira. Banan-banan eta bakoitza bere aldetik hartuta ekintza solte eta puntual gisa geratzeko arriskua dagoela ikusirik, ikasturte osoko eskaintzaren berri bateratu eta osatua ematen da web gune honetan.